2019(e)ko apirilaren 13(a), larunbata

KLIKA KORRIKA!


Azkenean heldu da hainbeste esperotako zita! 
Gaur Elgoibarretik 21. Korrika pasatu da! Garesen hasi eta igandean Gasteizen bukatuko den Korrikak izan du Elgoibarren ere presentzia! Eta nola ez, gure ikastolan ere ospatu dugu egun handi hau!
Goizean goiz gutako batzuk kalean geunden Korrika ikusteko gogoz! Ondoren ikastolara etorri eta urduri xamar geunden denok ere! Ostirala, Korrika txiki-txikia ospatzeko gogoz, oporrak hartzen ditugun eguna... 
Goizean, gelan jolastu eta jolasten geunden bitartean irakasleok guk ekarritako fruta ipini dugute mahaietan jateko. Ondoren guk egindako petoak ipini eta indarrak hartuta genituenez, goiko pistetara joan gara korrika txiki-txikiari hasiera emateko prest!
Bertan, HH1, 2, 3, 4 eta 5eko ikasleok elkartu gara eta jai giro ederrean ibili gara!
Lehenengo HH5ekoak hartu dute lekukoa eta pistei buelta bat eman diote, ondoren HH4koek, HH3koek eta azkenik HH2koek!
Denok buelta bat eman ostean, HH guztiak eman diogu pistei buelta bat Korrikako leloak esaten genituen bitartean.

Korrika txiki-txikiarekin bukatzeko, lekukoan zegoen mezua irakurri du HHko irakasle batek! 

Ondoren goiko pistetan musika jarrita mantendu dugu eta Korrikako abestiak dantzatzen ibili gara!

Goiz ederra pasatu dugu!

Nekatuta ere bukatu dugu, baina lasai gaude, oporrak hartu ditugu gaur eta oporretan deskantsatuko dugu. 

Ondo ondo pasa oporrak familia, deskantsatu, lo egin, jolastu, korrika egin, abestu, mendira joan, parkean lagunekin jolastu, familiako kideekin jolastu, etxean egon, barre egin, haserretu, aiskidetu, aspertu, margotu... eta ZORIONTSU IZAN! 

BUELTA ARTE!









2019(e)ko apirilaren 4(a), osteguna

KORRIKA


Kaixo familia!
Aste honetan pila bat gauza egiten ari gara! Beno, badakizue ostegunean KORRIKA hasten dela Garesen eta Euskal Herri osoa pasatu ostean Gasteizen bukatzen dela? 
Guk, Elgoibarren Korrika pasatzen den egun berdinean, hau da, oporrak hartzen ditugun egunean ikastolan ere korrika txiki-txikia ospatuko dugu! Ez ahaztu kate orratzak mesedez!
Horretarako aste honetan, Korrikako abestia jarrita dugun bitartean petoa margozten ari gara! Aizue eta ez dakizue nola egiten dugun dantzan! Irakasleek ez zekiten gustatuko zitzaigun edo ez abestia, baina gure artean izugarrizko arrakasta izan du! Gutariko batzuk lurrean dantzatzera ere animatu dira (kar, kar, kar)!

Honez gain, Korrikarako sortutako ipuina ere kontatu digute irakasleek, Graxiren ipuina hain zuzen ere. 

Zirkulazio librean aldiz, KLIKA hizkiak apaintzen aritu gara. K hizkia zetazko paper morearekin, L hizkia margo morearekin, I hizkia, arrozarekin eta ondoren tenperarekin margotu dugu, K makarroiekin eta ondoren tenperarekin margotu eta A hizkia berriz margoz eta dilistekin. Gure pasabideak dotore-dotore geratu dira!

Hurrengo astean, lekukoa egingo dugu eta beraz etxetik komuneko edo sukaldeko paperaren tutuak ekartzea eskertuko genizueke, lekukoak egin ahal izateko!

KLIKA KORRIKA! KLIKA GURE ERRITMORA!!!

Ondo pasatu asteburua!














2019(e)ko apirilaren 2(a), asteartea

JANARIAREKIN ESPERIMENTATZEN

Kaixo familia!
Aste honetan pila bat gauza egiten ari gara! Baina pausoz-pauso joango gara hauen berri ematen. 
Elikagaien gaiarekin bukatzeko, elikagai eta fruta ezberdinekin esperimentatu genuen. Horretarako zapi batekin begiak itxi eta elikagai edo fruta ezberdinak zeuden bol batean eskua sartu, ukitu, usaindu, ahoan sartu eta zein elikagai zein asmatu behar genuen! Bai asmatu ere! Horrela inoiz jan ez ditugun frutak jan genituen, gustatzen zitzaigun edo ez jakin genuen... Ederto pasa genuen!
Hemen dituzue argazki batzuk!