2018(e)ko abenduaren 13(a), osteguna

EMANALDI PEDAGOGIKOA



Kaixo familia!

Atzo azkenean egin genuen emanaldi pedagogikoa! Zelako urduri eta pozik egon ginen egun osoan zehar! 

Azkenean horrenbeste astez landu ditugun proiektu handirako lantxoak ikusi ahal izan zenituzten proiektu handian! 

Esan behar dugu gure denbora eraman digula dekorazioa prestatzeak. Atzean zeuden pankarta guztiak guk egindakoak ziren! 

Lehenik denon artean tenperekin margotu, ondoren irakasleek gainean ipinitako zuhaitzari hostoak itsatsi, ondoren eskuekin beste hosto mota batzuk estanpatu...

Eta ortzadarra? Ikusi zenuten zein polita zegoen? Horrek bai lana! Ikasle bakoitzak kolore bakoitzeko kartulina zatitxo bat hartu eta kolore berdineko setazko papertxoak gainean itsatsi genizkion. Gero, ortzadarraren koloreen ordena zein zen erabaki genuen eta irakasleek gure begiradapean (ea ondo egiten zuten edo ez, ze batzuetan irakasleak ere nahasten dira!) itsatsi zituzten kartulina zati guztiak. Zelako pozik jarri ginen gure lanaren emaitza hain eder ikusita!

Eta azkenik... gure amanita muscariaen erakusketa ere ederra izan zen! Horrek ere bere denbora eraman zigun. Lehenengo komuneko paperaren roiloak zuriz margotu eta ondoren kartulina gorrian behatzarekin puntutxo zuriak egin. Baina ikusi genuenean gure basoa perretxikoz beteta... aizue, zelako artistak garen! 

Eta beno, gure emanaldiari dagokionez, gustatu zitzaizuen? Zelako parreak bota ditugun dantza hauek ikasten! Eta zenbat aldiz entzun ditugun abestiak eta zelako pozik jartzen ginen abestiak entzutean! Azkenerako denak ikasi genituen buruz eta dantza egiteko  ere desiatzen egoten ginen! 

Istorioari dagokionez... gustatu zitzaizuen? Gure ibilbide imaginarioko istorioa zen. Nahi duzue kontatzea? Bai ezta? Badoa ba...
Laguntxo talde bat  mendira gindoazen eta mendira bidean "Ikusi mendizaleak" abestia abesten hasten ginen. Karakate tontorrera igota txorimalo bat ikusi genuen eta haizea zegoenez jauzi egingo zela uste genuen... bapatean norbaiti txorimaloaren abestia otu zitzaion abestea! Eta han ibili ginen, abestu eta dantzatu! Baina... talde denetan dago alferrontziren bat eta... nekatuta zegoela eta ea zerbait jango genuen proposatu zuen! Eta halako batean, pila bat gaztaina aurkitu genituen lurrean! Zein ideia ona! Horrentzako ere abesti bat geneukan aizue! 
 Baina gaztainak jaten ari ginela lasai-lasai... bapatean euria hasi zuen eta... haizea, eguzkia eta euriarekin... zer sortuko eta... ORTZADARRA!!! Hori ikusita etxera bueltatzea erabaki genuen, poz pozik eta bidean kantu kantari, eta nola ez, abesten!

Beno eta hau guztia kontatuta...  Hemen jartzen dizuegu emanaldiko bideotxo batzuk


EMANALDIKO 1. BIDEOA

EMANALDIKO 2. BIDEOA

EMANALDIKO 3. BIDEOA

EMANALDIKO 4. BIDEOA




ESPERO DUGU ZUEN GUSTOKOA IZANA!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina